Urduña Herri Eskola lerro bakarreko eskola da eta  bi etapa biltzen ditu: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza.

Urduña Herri Eskola gertukoa da, bere handitasunean txikia: 200 bat haurrek osatua eta  25 irakasle-hezitzaile inguruko klaustroarekin lerro bakarrerako eskola gara. Gaur egungo etxeak, eraikinak, 30 urte beteko ditu 2025ko azaroan.

Haur Hezkuntza

Haur Hezkuntza 0 eta 6 urte bitarteko etapa da eta 2 ziklotan banatuta dago. Gure eskolako eskaintza hurrengoa delarik:  1. zikloak 2 eta 3 urteko gelak jasotzen ditu eta 2. zikloak 4 eta 5 urteko gelak.

Haur Hezkuntzaren xedea da haur guztien garapen integrala eta harmonikoa dimentsio guztietan –fisikoan, emozionalean, sexualean, afektiboan, sozialean, kognitiboan eta artistikoan– lortzen laguntzea, autonomia pertsonala bultzatuz eta progresiboki beren buruaren irudi positibo eta orekatua sortzera bultzatuz, eta orobat bizikidetzarako balio zibikoetan oinarritutako hezkuntzan laguntzea. Hori guztia, familiekin lankidetza estuan arituz.

Lehen Hezkuntza

Lehen Hezkuntzako etapa 6-12 urte bitartekoa da. Hiru ziklotan antolatuta dago: 1. zikloa 1 eta 2. mailek osatzen dute; 2. zikloa 3 eta 4. mailek eta 3. zikloa 5 eta 6. mailek osatzen dute. 

Oinarrizko Hezkuntzaren helburua da, haren bi etapen bidez, ahoz eta idatziz adierazteko eta ulertzeko trebetasunak eta trebetasun logikoak eta matematikoak garatzea eta finkatzea, eta ikasleei kulturaren oinarrizko elementuak ematea, haren eremu humanistikoan, zientifiko-teknologikoan, artistikoan eta motorrean.

Ikasle guztiek bizi-ohitura osasungarriak, elkarbizitzarako ohiturak eta ikasteko eta lan egiteko ohiturak hartu eta sendotu beharko dituzte, nortasuna erabat garatzen lagunduko dien prestakuntza integrala berma dadin eta, hartara, herritar gisa dituzten eskubide eta betebeharrak erabat balia ditzaten eta ondorengo ikasketetan hasteko eta etorkizunean laneratzeko presta daitezen.

Haurreskola eta Zaraobe, zubiak eraikitzen.

Hezkuntza ibilibide egokia bermatzeko, ikastexeen arteko koordinazio sistematikoak ematen dira etapen arteko trantsizioak zaintzeko.

Urduñako Haurreskola

Urduñako haurrek hezkuntza ibilbidea herrian bertan hasten dute Partzuergoko Haur Eskolan. 0-2 urte bitarteko etapa bertan gauzatzeko aukera daukate. Bertan izaten dituzte lehenengo hartu emanak eskolarekin lurra esnatzen edota euskararen egunean.




Zaraobe BHI

Ibilbidearen hurrengo geltokia Amurrioko Zaraobe institutua da, berau da erreferentziazko DBHko etapa eskaintzen duen ikastetxea. 

Zaraobe Institutua erreferente kulturala bihurtu da haran osoarentzat, eta eskualdeko biztanle askok bertan ikasteko hautua egin du. Zaraobe Institutuak aldaketa ugari bizi izan ditu, gure lurraldeak bezala, eta Aiarako Haranean bere hezkuntza-eskaintza zabala mantendu du.